Bilboko neska* gazteok, argi diogu, ZAINTZEN NEGOZIOAREKIN APURTZERA GOAZ!
Mugimendu feministatik behin eta berriz mahaigaineratu dugu zaintza-lanen auziari heltzeko beharra, eta nazkatuta gaude itxaroteaz eta zaintza lanen pribatizazioak nola aurrera jarraitzen duen ikusteaz!
Zaintza lanak ezinbestekoak dira gure bizitzak sostengatzeko, gure ongizaterako eta bizitza duinak bermatzeko oinarria dira. Bizi dugun sistema zis-heteropatriarkal, kapitalista eta kolonial honetan, zaintza lanen banaketan izugarrizko desoreka dago, izan ere, zaintza lanak emakumeon gain erortzen dira, eta are gehiago emakume arrazializatu eta migratuengan, inolako aitorpenik edo eskubide bermerik gabe.
Hau sistematikoa da, eta neska* gazteoi ere zeharkatzen gaitu. Guk ere inoiz zaindu izan ditugu haurrak baldintza prekarioan, klase partikularrak eman ditugu, lan egiteko edo hau bertan-behera uzteko ordubete lehenago abisatu gaituzte, gure familiako gizon gazteei eskatzen ez zaizkien zaintza lanak muxu-truk egin ditugu...
Hori gutxi ez balitz, sistema publikoaren desmantelatzea begi-bistakoa da, dauden zerbitzuek gero eta gutxiago asetzen dituzte gizartearen beharrak, gero eta aurrekontu eta baliabide gutxiago bideratzen dira sistema publikoak bermatu beharreko zaintza premiak aurrera ateratzera. Bitartean, zerbitzu hauek aurrera eramaten dizuten enpresa pribatuak aberasten ari dira, nola ez, bertan lanean dauden emakumeen lan- egoera prekarioetatik gehiago aberasteko profitatuz. Zaintza lanen eremuan sortzen diren enpleguak guztiz prekarioak dira. Hala, neska gazteok kontraturik gabe, ordutegi finkorik gabe, lan segurantzarik gabe eta soldata lotsagarrien truke lan egitera kondenatzen gaituzte, gutxi batzuen mesedetan.
Bilboko neska gazteok argi dugu, sistema hau hankaz gora jartzera goaz. Zaintzak erdigunean jartzen dituen eta era kolektiboan planteatzen dituen euskal zaintza sistema publikoa lortu arte borrokan jarraituko dugu. Nahikoa da gure bizitzekin egiten duten negozioaz, zaintzak komunitarioak, kolektiboak, antolatuak, elkarbanatuak eta publikoak izan behar dute.
Horregatik, dei egiten dizuegu martxoak 8an, borroka eguna den heinean, neska gazteon alderriekin bat egin eta mugimendu feministaren mobilizazioetara batzera. Ez geratu etxean, borrokaz eta antolakuntzaz sistema eraldatzera goaz.
Berriro diogu, Bilboko Neska* Gazteak ez goaz sistema hau zaintzera, Bilboko neska gazteok zaintzaren negozioarekin apurtzera goaz.
Antolatuta gaude, egon adi Santutxu, Deustu, Uribarri, Alde Zaharra, Indautxu eta Bilbo Zaharreko deialdietara.
Gora borroka feminista!
Информация по комментариям в разработке